Telefono mugikorra bilakatu da munduarekin harremanetan jartzeko gure bitartekaria. Behinola deiak egiteko erabiltzen zen aparailuarekin ia denetik egiten dugu orain. Ez da txantxetako kontua: telefono hauek beren jabeen informazio andana gordetzen doaz barnean, izan kontaktuen zerrendak, argazkiak, elkarrizketak, e-mailak, sarean bilatu dituen hitzak, ikusi dituen bideoak, fisikoki bisitatu dituen lekuak, sare sozialetako profilak, oharrak, agendak... informazio oso sentibera, hirugarren pertsona batek (baimenik gabe) eskuratuz gero, jabearen erretratu zehatza egiteko moduko bilduma. Pertsona bat bere bizitzako azken hiru hilabeteetan non egon den baldin badakizu, adituen arabera, %93ko eraginkortasunarekin aurreikus dezakezu non egongo den hurrengo hiruetan. Aurreikus dezakezu nora joango den, guk geuk ere identifikatu gabeko patroien bidez.